
San Esteban eliza da Larraulen sor-muina eta, aldi berean, Ernio mendiaren hegian dagoen herri txiki honek gordetzen duen eraikinik zaharrena. Larraul ez zen 1840. urtera arte udal egin baina bertako bizilagunak, bost mende lehenago ere, San Esteban elizaren inguruan biltzen ziren elkarte batua osatuz. Batasun hartatik sortu zen gaur ezagutzen dugun herria. Larraulgo familiarik zaharrenetako batek, Larrunbidetarrek hain zuzen ere, berebiziko protagonismoa izan zuten XVI. mendean eliza berritu zutenean. Honela, 1500. urtea bete berria zela, Juan Larrunbideko erretoreak eta Aszensio Larrunbideko maisu-harginak ertaroko eliza zaharraren ordez harlanduzko eraikin irmo bat, gotiko-errenazentista estilokoa, altxatzea erabaki zuten. Herritarren baliabideak murritzak zirenez, zenbait belaunalditan zehar luzatu ziren lanak; azkenean, Beobide eta Larrunbideko maisu Domingok 1590ean egindako kanpandorre sendoak eman zien bukaera. Zortzialdeko burualde sakonaz errematatua dagoen San Esteban elizaren nabe gotikoa, estu eta luzanga, estaltzeak luze jo zuen. Pedro Apalasagastikoak eraikitako hormak astiro-astiro hazi ziren 1543tik 1553ra bitartean; kontrahorma indartsuetan oinarrituak zeuden, Mendebaldeko fatxadan leihotxo borobil bat eta Hegoaldean leiho eder bat beste irekidurarik ez zuelarik. Handik oso gutxira, ordea, bi urte baino gehiago ez, Migel Idogarateko maisuak aldarea estaltzen duten ganga gurutzaduradun dotoreak eta lehenengo bi atalak hornitu zituen. Oraindik orain, zaharberritze lanak zirela-eta, 1560. urte aldera tenperan pintaturiko grisalla ikusgarri bat aurkitu dute erretaula nagusiaren atzean. Zuri-beltzean egindako pintura hau, bakarra da Gipuzkoan eta erromanista estiloaren lehen belaunaldiko artista anonimo iaio batek egina da, baina ez zuen erabat gauzatu. Aberats itxurako arkitektura klasikoko erretaula irudikatzen du, bertan Isaias eta Jeremias profeten buruak antzematen dira, Kalbarioan dauden Ama Birjinaren eta San Joanen irudi amaigabeak bezalaxe. Pinturak, zurezko bi irudiz osatuak zeuden, Jesukristo Gurutziltzatuarena bat eta San Estebanena bestea, baina desagertu egin ziren biak. Pinturak hobeto ikusi ahal izateko gaur egun aurreratua dagoen erretaula nagusia, Juan Zialzetako eskultoreak burutu zuen 1649an. Diseinu klasizista egoki eta orekatua duen lana da, hondoen koloreek eta zutabeetako jaspeztatuek hein batean itxuraldatzen badute ere. Erretaularen aurrealdeko bankuaren gainear santu eta ebanjelarien erliebetxoak daude; goiko nitxoetan, berriz, San Pedro, San Pablo, San Inazio Loiolakoa, Santiago Erromesa eta elizako zaindaria den, San Esteban beraren, zurezko eskultura polikromatuak ikus daitezke. Anatomia sendoa eta bere baitan bilduriko aurpegia erakusten duten irudi dotoreak dira benetan.