
Larraul 140 bizilaguneko herria da, Ernioren magalean, Asteasuko ibarraren gainean dagoena, Gipuzkoako Tolosaldean. Mendeetan zehar parrokia eta udala elkarbanatu dituzten baserrien bilgunea izan da. Atsegina, lasaia, paseiatzera gonbidatzen duena. Ez da plazarik mugitu beharrik bere kultur ondareaz gozatzeko: urte eta urteetan estalirik egon ondoren, XVI. mendeko hasierako grisalla, Gipuzkoan bakarra, ikusgai dago elizan. Museoan Larraul hobeto ezagutzeko parada duzu. Larraulgo Museoak, gaur egungo larrauldarron komunitate zentzua, bere kezkak eta ardurak dituen komunitate baten zentzua uzten du agerian. Museo honetako pieza gehienen erreferentziak nekazal mundukoak dira: laia eta goldeak, gurdi eta lanabesak, gari-makina, sagardo-tolarea, lapikoak, kutxak, oramahaia... etxape, janari eta jazkia eskuratzeko lanbide gogorren lekukoak dira; baina baita josteko makina, telefonoa, argizaiola, liburuak, erretrato zaharrak, pisuak... erlijioaz, merkataritzaz, kirolaz, herraz, jaiaz,emigrazioaz mintzatzen zaizkigunak. Bere piezak museo batean egoteak ez du esan nahi baserria iraganeko kontua denik; izan ere, eten gabe eraberritzen ari den errealitate bizia da: XVI. mendeko leiho baten ondoan esne-hozkailua aurkituko duzu, aizkoraren ondoan motozerra.